Gaurko saioaren helburua, EAE-ko eta NFK-ko dekretuak gai gisa harturik bikoteka mapa-kontzeptual bat eratzea izan da. Nik Jone Plaza-rekin egin dut. Beraz, bere blogean ere, biok eginiko lan hau ikusgai izango duzue.
Banatutako testua funtsean, Oinarrizko Hezkuntzaren curriculumaren ingurukoa izan da. Beronek, barnean, hezkuntza gaitasun orokorrak eta oinarrizko gaitasunak biltzen dituelarik. EAE-ko dekretuari so, ikus dezakegu konpetentzia orokorrak sei direla eta ezinbestean, edozein pertsonaren garapen osotua lortzeko baliozko direla. Haatik, oinarrizko gaitasunak zortzi dira eta bi eratakoak izan daitezke: batetik, zehar izaera dutenak, hots, irakasgai guztietan modu orokor batean landu beharrekoak eta bigarrenik, Curriculum-eko arlo zehatzekin lotura zuzena daukatenak.
Erants dezagun, gaitasun guztiei balio bera eskaini behar zaiela. Elkarrekin lotuak egoteaz gain, jakintzaren gizartean mugitu eta norbere arrakasta bermatzeko beharrezko baitira.
Bukatzeko esan, informazioa tratatzeko eta teknologia digitala erabiltzeko gaitasuna oinarrizkoetako bat dela eta berau eraginkortasunez eskuratzeko ikasleek urrats ezberdinen bidezko prozesu bat jarraitu behar dutela: informazioa egoki hautatu, tratatu, eta erabili; eskura duten informazioa jarrera kritikoz baloratu eta azkenez, informazio-iturrien gizartean adostutako jokabide-arauekiko errespetua gauzatzea.
Guk ere badugulako IKT-en mundu horretaz sakontzeko adina behar, gera gaitezen bada azken lerro hauekin!
No hay comentarios:
Publicar un comentario