2011-11-30

LAGUNTZEA HELBURU

Edozein sentimendu negatibok, edozein ekintza okerrek… eragin zuzena dauka irakaste-ikaste prozesuan; izan ere, egunerokotasuneko bizipenek eta arazoek ederki asko oztopatzen dute hezkuntza prozesu hori.

Eraginak eragin, klasean, beti ezberdindu daitezke taldetxo ezberdinak, afinitateagatik, edota dena delakoagatik batzen direnak. Eta talde horietatik at, zenbat aldiz ikusi ote dugu umeren bat baztertuta “ezberdina” izateagatik? Hau da, arazoren bat duelako, iritsi berria delako…

Horren aurrean, ezinbestekoa da hezitzaileen laguntza. Denok daukagu onartuak izateko eskubidea, gainontzekoekin egoteko eta jolasteko eskubidea… kontxo! UMEAK IZATEKO ESKUBIDEA! Beraz, egoera anitzen aurrean, klasean lantzeko jarduera ezberdinak proposa daitezke, konponbidea topatzeko helburuarekin.

Hona hemen, iaz, Hezkuntzaren Piskologia irakasgaian, taldean egindako lan bat; aipatutako egoera ezberdinen aurrean konponbidea topatzeko jarduera ezberdinak egitea bultzatzen duena, betiere, esan bezala, laguntzea duena helburu.

2011-11-25

MOTIBATZEN

Motibazioa, interesa, gogoa… edukitzea da; zerbaiten aurrean indarra sartzea hori lortzeko asmoz. Motibazioak eragin zuzena du irakaste-ikaste prozesuan, eta interakzio eskolarra baldintza dezake. Nola? Ba, zerbait egiteko interesa azaltzen badugu, motibatuta gauden seinale izango da eta prozesua eramangarriagoa izango da. Hala ere, azaltzen den interesa kontrolatu egin behar da, izan ere, motibazioa gehiegizkoa baldin bada arazoak sor daitezkeelako, antsietatea, esaterako.



2011-11-18

IGURIKAPENAK

Askotan norbait ikusi bezain laster, gerta daiteke “gaizki jaustea”; orduan, saihestu egiten dugu. Hurbiltzen bada ez diogu aukerarik ematen, gure aurreko iritziarekin jarraitzen dugu; pentsa dezakegu, zerbait ona esaten badigu, zerbait lortzeko asmoarekin hurbildu dela. Orduan, inplizituki, gauza politei ere interpretazio txarra ematen diegu.

Pertsona berdinak ez dira denentzako berdin. Batzuentzat pertsona bezala “erakargarria” dena, beste batzuentzat ez da izango. Erakargarri iruditu zaienek, ekintza onen aurrean esango dute: “esaten nuen nik!”. Eta gaizki jausi zitzaienen eskutik, berdina entzungo dugu baina interpretazio ezberdinarekin. Ekintza berdinen aurrean, hasierako edo lehenengo iritzi hori plasmatzen da; aurreiritziak direla medio. 

Hezitzaile bat aurreiritziez gidatzen bada, ez da ondo arituko, ez da behar bezalako hezitzailea izango.

AURREIRITZIAK = IGURIKAPENAK = ZERGATIRIK GABEKO IRITZIAK


2011-11-14

BIDAIA WEBQUEST-EAN ZEHAR

Webquest hitza entzun bezain laster lehen zalantzak; zer ote da webquest delako hori? Hauen bidez,  internet erabiliz, gai bati buruzko ikerketa-lanak egin daitezke. Mota honetako proiektuak edota ariketak ikasleekin egitea oso aberasgarria izaten da; izan ere, lana bideratuta eramateko erraztasunak ematen dituzte. Hauek horrela, webquest bidezko metodologian, ikasleak, hasieran planteatuko zaizkion galderen inguruan hausnartu, gero informazioa bilatu, eta azkenik ondorioak atera beharko ditu.

Metodologia mota honen baliagarritasuna eta eraginkortasuna ikusteko, webean saltseatzen ibili naiz, eta bai, aurkitu dut nire blogarekin zerikusia duen webquest bat, helburu gisa, ondoriozko pentsamendua garatzea, pentsamolde autokritikoa izaten ikastea eta bizitza zoriontsua izateko nork bere burua ezagutzea eta maitatze duelarik.



2011-11-11

ISLADAK NONAHI

Autokontzeptua, autoestimua, identitatea… hainbat eta hainbat kontzeptu daude gure niarekin lotura zuzena dutenak. Sarean orrialdez orrrialde, eta blogez blog ibili ostean, aurkitu dut, azkenean, nire blogeko ispiluaren islada.

Lehenengoa, pertsonen autoestimuari zuzendutako bloga dugu, eta gaia modu sakon batean lantzen du. Honen inguruan, hainbat gai ukizen ditu; hala nola, zer den autoestimua, noiz agertzen den, autoestima altua eta baxua… Horrez gain, autoestimuak gugan sortzen dituen sentsazio eta sentimenduak mintzo ditu, baita hau hobetzeko aholkuak eta jarraibideak ere. Gazteleraz idatzita dagoen arren, modu ulergarri batean informatzen du; informazio hori gure bizitzetara aplikatzeko oso erabilgarria delarik.


2011-11-07

ERAGINAK ERAGIN

Autokontzeptuak ere badu bere eragina ikasgelan, eta nola ez, hezkuntzaren garapenean. Ikasle bakoitzak autokontzeptu propioa du, bata bestearengandik desberdintzen delarik; eta irakasleak ere badu bere autoezagutza. Ikasgelan elkarreraginean aritzen direla eta, eragin zuzena dute batak bestearengan. Modu horretan, irakasleak ikasleen autoezagutza kolokan jarri dezake, edota alderantziz. Zein egoera mota suerta daitezke, bada, ikasgelan?


Irakasleak autokontzeptu ona izatea oso garrantzitsua da klaseko egoera ezberdinei aurre egiteko eta umeei behar dituzten estimuluak emateko. Irakasleak gai dela azaltzen badu, segurtasunez jokatzen badu, egoera eramangarriagoa izango da, eta umeei modu positiboan eragingo die. Pertsona guztiei momentu konkretuetan behar duten estimulua ematen bazaie, ez da arazorik egongo, eta bestela ere, beti egongo da irtenbideren bat.

Eraginak beti eragin; geure ingurukoak ahalik eta hoberen sentiarazi ditzagun, lagundu, sostengatu, babestu, bidea erraztu.

2011-11-04

KONPLEXUA? ZER DA HORI?

Ahatetxoak jaio ziren; guztiak berdinak ziren bat ezik. Bera ezberdina zen. Ahatetxo guztiekin batera amaren atzetik jarraitu zuen, bera baitzen jaiotzez zeukan erreferentzia. Besteek ezberdina izateagatik burla egiten zioten, ez zuten onartzen. Oztopoak oztopo, azkenean, handitzen zioan heinean, aurkitu zuen bere espezie bereko familia. Bertan gustura sentitu zen, seguru, onartuta.
Egun, jende asko sentitzen da ahatetxo itsusia sentitzen zen bezala. Ingurukoen presioak, begiradek, komentarioek, konparaketek, negatiboki eragiteaz gain, konplexuak sorrarazten dituzte. Modu horretan, gorputzeko atalen batekin gustura ez dagoen pertsona batek, egonezina eta sufrimendu psikologiko pairatu dezake; eta horrek, berak jarrera aldatzeaz gain, ingurukoek bereganako portaera aldatzea ere ekar dezake. Horixe bera gertatu zitzaion ahatetxoari; izan ere, segurtasun falta zuela eta, gainontzekoak gainera botatzen zitzaizkion.

Indarra eta segurtasuna hartu, eta burua ondo altxatuta aurrera begiratzea da onena. Pertsona bakoitza mundu bat da. Erakuts diezaiegun gainontzekoei nolakoak garen; geure buruarekin seguru senti gaitezen. Konplexua? Zer da hori?

IKT-en MUNDU HORRETAZ

Gaurko saioaren helburua, EAE-ko eta NFK-ko dekretuak gai gisa harturik bikoteka mapa-kontzeptual bat eratzea izan da. Nik Jone Plaza-rekin egin dut. Beraz, bere blogean ere, biok eginiko lan hau ikusgai izango duzue.