Haurra badoa pixkanaka-pixkanaka bere burua gehiago ezagutzen, ikusten, sentitzen. Gainontzekoak hor daude; baina bera ere bai. Bat gehiago sentitzen da beste askoren artean. Adi dago, ez dio ezeri begirik kentzen; portaerak, jokabideak… aztertzen dihardu une oro.
Lehenengo hitzak ere atera zaizkio. Pentsatu dezake. Dagoeneko badu bere buruaren irudi bat egina.
Eskolaurre garaian, geure buruaz asko hitz egiten dugu. Geure burua ezagutze hori, hain izaten da aurkikuntza handia, non ez garen ia beste ezertaz aritzen. Hemen nago, ikusi zer egiten dudan… ni, ni, eta berriro ere ni. Baina hori oso ona da, auto-ezagutza garatzen doan seinale.
Ona, gaiztoa, polita, handia, txikia… Haurra, kanpoko ezaugarrien arabera eta izaera orokorraren arabera deskribatuz doa. Baina oraindik ez du hizkuntza behar beste dominatzen, eta ezin du auto-deskribapen hain aberatsik egin. Hitz globalak darabilzki; sinpleak eta zehatzak. Hala ere, ez du pentsamendu egonkorrik; izan ere, atzo txarra zena, ona bihur daiteke gaurkoan, eta alderantziz. Modu arbitrarioan jokatzen du.
Haurrak ez du ezer argi oraindik; nahasturik dago berak ez dakien arren. Baina pozik dago. Bere mundua da, inork kenduko ez dion mundu magikoa.
No hay comentarios:
Publicar un comentario