2011-10-28

EDERRA NAIZEN? NOSKI BAIETZ

Zergatik ikusten ote dugu gure burua gaizki? Ba, ingurutik datorkigunak eta ikusten dugunak, eragin zuzena duelako autokontzeptuan. Gizartean oso txertatuta dago gorputz perfektuaren irudia; alde batetik emakumearena (argala, 90-60-90…), eta bestetik gizonezkoarena (handia, indartsua…). Gizarteak jartzen dituen etiketa horiek oso eragin handia dute gugan. Telebistan, publizitatean eta beste komunikabideetan ikusten ditugun giza irudiek, gure burua beraienarekin konparatzera bultzatzen gaituzte, eta modu horretan, gutariko asko txarto sentitzera iristen dira; hau da, ez dira eder sentitzen, beren burua gaizki ikusten dute.

Inguruko jendeak ere badu zerikusirik honetan; zenbat jendek esan ote digu noizbait: “pixka bat potolo zaude ezta?”, “komeniko litzaizuke pare bat kilo argaltzea”… Horrelako komentarioek nolabait kezkatu egiten gaituzte eta gainera akonpejatu, eta orduan, geure burua gaizki ikusten hasten gara. Kontu honek, eragin fisiko nahiz psikologikoak eragin ditzake gugan, esaterako, elikadura-nahasteak, esaterako. Horien artean, hain entzunak ditugun anorexia, bulimia, bigorexia… eta hain entzunak ez ditugun ortorexia, permarexia… aurki ditzakegu.

Baina beno, utikan! Ezentzunarena egin dezagun. Nork esango digu politak garen ala ez? Eta zergatik? Bakoitzak bere burua begiratu dezala. Onar gaitezen garen moduan, maitatu gaitezen. Bakarrak gara, eta gainera ederrak; denok gara ederrak.

2011-10-23

ESPERIENTZIA LAGUN

Urte batzuk pasa dira eta haurra ez da haurra, ezta umea ere; nerabezarora iritsi zaigu. Eskola urteetan autokontzeptua garatzen eta egonkortzen joan da, eta urte hauetan bizi izandako esperientziei jarraiki, beren burua ezagutzeko, aztertzeko, eta identitatea definitzeko parada izan du.

Pertsona orok dauka bere autokontzeptua. Honako hau, gizabanako bakoitzak, geure buruari buruz daukagun ikuspegia da. Egia da bai, autokontzeptua arlo askotakoa izan dezakegula; batetik, akademikoa (kognitiboa), eta bestetik, ez-akademikoa (pertsonala, fisikoa, harreman sozioalak)... Eta hauekin guztiekin, autokontzeptu orokor bat egiten dugu.

Gaztaro edo nerabezaroan, autokontzeptua gainontzekoengandik datorkigu. Gizartean barneratuago egotean, jendearekiko harremanek, iritziek, estereotipoek... gero eta pisu handiagoa hartzen dute. Modu horretan, garen bezalakoak garela onartu beharrean, besteenganako konparazioak egiten ditugu eta izan nahi dugun horri erreparatzen diogu.



Autokontzeptu ona daukagunean, oso pozik bizi gara, ez dugu ia arazorik ikusten; bizitzari modu positiboan aurre egiten diogu. Baina autokontzeptua kaxkarra edota txarra denean, arazoak hasten dira; eta horren aurrean, geure burua gaizki ikusten hasten garenean, neurriak hartzen ditugu.

Nerabe honek, bere bizi-proiektua eraiki beharko du. Esperientzia izango du lagun.

2011-10-15

ERAIKITZEN

Haurra hazten doakigu. Denbora aurrera pasatu da, eta jada, ez da handia eta polita; jatorra eta ausarta baizik. Eskolara ere joaten da dagoeneko, eta ikaskideekin oso gustura aritzen da jolasean. Lagun asko ditu.

Hazten goazen heinean, autokontzeptua eraikitzerako orduan, ezaugarri psikologiko eta sozialei gero eta garrantzia handiagoa ematen diegu, modu errealista eta espezifikoago batean. Geure nia benetan ulertzen, geure ezaugarriez, helburuez eta arauez ohartzen, egoera bakoitzean jokaera eta jokamoldea finkatzen… hasten gara.

Gainontzekoekin elkarrekintzan aritzean, bai eskolan, bai familian, talde bateko kide gisa sentiarazten joaten gara. Txikitan, oso garrantzitsua eta berezia izaten da talde bateko kide sentitzea; identitatea sendotzen doan seinale. Erreferenteak hartzen ditugu, antzekoen ditugunengana hurbiltzen gara; esperientziak konpartitzen ditugu.

Pixkanaka pixkanaka, haurra eboluzionatzen doa; ezagutzen, eraikitzen.

2011-10-09

HITZAK

Haurra badoa pixkanaka-pixkanaka bere burua gehiago ezagutzen, ikusten, sentitzen. Gainontzekoak hor daude; baina bera ere bai. Bat gehiago sentitzen da beste askoren artean. Adi dago, ez dio ezeri begirik kentzen; portaerak, jokabideak… aztertzen dihardu une oro.
Lehenengo hitzak ere atera zaizkio. Pentsatu dezake. Dagoeneko badu bere buruaren irudi bat egina.
Eskolaurre garaian, geure buruaz asko hitz egiten dugu. Geure burua ezagutze hori, hain izaten da aurkikuntza handia, non ez garen ia beste ezertaz aritzen. Hemen nago, ikusi zer egiten dudan… ni, ni, eta berriro ere ni. Baina hori oso ona da, auto-ezagutza garatzen doan seinale.
Ona, gaiztoa, polita, handia, txikia… Haurra, kanpoko ezaugarrien arabera eta izaera orokorraren arabera deskribatuz doa. Baina oraindik ez du hizkuntza behar beste dominatzen, eta ezin du auto-deskribapen hain aberatsik egin. Hitz globalak darabilzki; sinpleak eta zehatzak. Hala ere, ez du pentsamendu egonkorrik; izan ere, atzo txarra zena, ona bihur daiteke gaurkoan, eta alderantziz. Modu arbitrarioan jokatzen du.
Haurrak ez du ezer argi oraindik; nahasturik dago berak ez dakien arren. Baina pozik dago. Bere mundua da, inork kenduko ez dion mundu magikoa.

2011-10-02

LEHENENGO ISLADA

Bederatzi hilabete pasatu dira, eta iritsi da azkenean. Bizi berri bat gure artean! Eta haurra noraezean, non dagoen ere ez dakiela. Bizitzako lehengo hilabeteak, sentsasioz eta esperientziaz beterikoak izaten dira; kanpoko munduarekiko, hurbileko pertsonekiko… Horrela, pixkanaka-pixkanaka, bere gorputzeko atalak ezagutzen eta bereizten joango da. Nor naiz? –esango luke-, baina oraindik ez daki. Noiz eta nola ezagutuko du haurrak, orduan, bere burua osotasunean? Zerekin? Hitz bakar bat: ISPILUA
Adin jakin batera arte, ez diogu kasurik egiten gure ispiluko isladari, izan ere, ez dugu jakiten gu geu garenik. Hasieran, gainera, beldurra edota kuriositatea sentitu ohi dugu. Baina lehenengo aldiz ispilu aurrean ezagutzen garenean, poztasun sentimenduak gainontzekoa gailentzen du.
Besoak, hankak, eskuak… aurretiaz ikusten baditugu ere, ispilu aurrean geure burua ezagutu arte, ez dugu gure aurpegia edota gorputz osoa ezagutzen. Modu horretan konturatzen gara gorputzeko atal horiek osotasun bat direla; gure “nia”.


Begirada, mugimenduak, ekintzak… errepikatzen dizkigun ume horrek izena hartzen du azkenean.